"2005ean Galloway arrazako 6 behi erosi nituen bi helburu asetzeko asmoz: bata zaletasuna eta bestea etxerako produktu seguru bat ziurtatzea, zer jaten genuen jakin ahal izateko. Txikitatik baserriarekin zerikusia duen bizimodu bat izatearekin amestu dut eta behi arraza honekin izandako esperientzia paregabeak, abelzaintza eredu honetan barneratzera bultzatu nau. Gauzak modu hobean egin daitezkeela uste bait dut"
Soilik negua gogortzen denean eta kanpoan zer janik ez dagoenean sartzen ditugu ikuiluan eta orduan ere ez dute pentsurik jaten. Batez ere baserrian bertan ekoiztutako belar lehorra, siloa eta forrajea soilik jaten dute.
Galloway arraza hazten lehenak izan ginen estatu mailan eta geroz eta buru gehiagoko taldea izateaz gain, ingurunera hain ongi egokitzen den Aberdeen Angus arraza ere txertatu dugu. Larre haragi ekologikoaz gain, baserriko arrautzak ere eskaintzen ditugu eta baita garaiko hainbat produktu ere. Hala nola, Tolosako Babarruna.
Ikuilu inguruan aurkitzen dira gure larreak eta bertan Erniora begira egoten dira gure behiak lasai asko.